Lizolagoiena Gipuzkoako Asteasu herrian dagoen baserri bat da, Tolosaldea eskualdean, Gipuzkoaren bihotzean, Euskal kulturaren eta euskararen arnasgune den herri batean.
Asteasu 1.500 bat biztanleko herria da, naturgune eder batean kokatua, mendiz –Hernio bailara osoa– inguratua dago, bai eta herri txikiz ere.
Lizolagoiena baserria zehazki Hernio mendiaren ipar-ekialdeko magalean kokatua dago, baso eta goi belazez inguratutako paisaian. Baserriaren Ingurua aberastasun paisajistiko, natural eta kultural handikoa da. Alde batetik, mendi ibilaldi ederrak eta natura ezagutzeko jardunak eskura daude; bestetik, alboan dagoen Lizolateine baserriko nekazaritza ekologikoko ustiaketa-gunea ezagutzeko aukera ematen du; eta, azkenik, inguruko herrietan dagoen eskaintza turistiko, museistiko, kultural eta gastronomiko ugaria ere, bertatik bertara, ezagutzeko aukera dago.