Kastillun nekazalturismoa, Donostiako Altza auzoan dago kokaturik eta hiritik hurbil dagoen arren, ingurune lasai eta polit batean dago, Aiako Harriak eta San Markos mendia pare parean dituelarik.
Donostiako erdigunetik eta hondartzetatik oso gertu dago,4,5kmtara hain zuzen ere, eta bertara hurbiltzeko autobus zerbitzua nahiz kotxea erabil ditzakezu,txirrindaz joateko aukera baztertu gabe.
Kastillun baserria oso osorik eskaintzen dugu,norbera bere gisara moldatu dadin.
Hiru gela bikoitz ditu ,egongela eder bat, sukaldea eta bainugela. Horretaz gain aterpe atsegin bat du atarian, kanpoaz ere goza dezazun.
Zelai zabal bat ere badu aldamenean, bezeroentzat soilik izango dena jolasean ibiltzeko,egonean egoteko,barbakoa egiteko...
Donostian gaudelarik derrigorrezkoa da hiriak eskaintzen dituen aukera paregabeez gozatzea. Donostia, hiri zoragarria da bere hiru hondartzekin, Santa Klara uhartea, Urgul mendia, Igeldo...
Ezaguna da ere gure gastronomia, tabernetako pintxoak, sagardotegiak, jatetxe dotoreak...eta kalean dugun giro ona ere. Garaiaren arabera, kultur eskaintza desberdina da , oso ezagunak dira zinemaldia ,jazzaldia ....
Donostiaz gain ordea, gure baserritik beste hamaika lekutara joan gintezke, hurbil hurbil baititugu, Pasaia,Lezo,Oiartzun, Hondarribia,Astigarraga...Eta herri guzti hauek ere badute zer erakutsi eta zer eskaini.
Kastillun baserrian nekazaritza eta abeltzaintza izan dira eta dira gure ardatza.
Nekazaritzari dagokionez, aire librean eta negutegietan egiten dugu lan eta garaian garaiko barazkiak ekoizten ditugu. Gero guztia Donostiako Gros auzoan dagoen azokan saltzen dugu. Gure azoka txiki hau Groseko Nafarroa Beherea plazan dago, garai bateko azoka zegoen leku berean. Honetaz gain, Kastillunen animalia asko ditugu, behi, zaldi,asto,ahuntz, oilo,..Guztiak ikusteko aukera eskaintzen dugu.