Parke Naturalaren (2. 860 hektarea) erdigune eta ikur nagusia Murugil (Pagoeta) mendia da, baina naturgunearen lur eremu gehiena landazabalari dagokio. Baserriari lotutako nekazaritza-jarduerak sortu du paisaia-mota hori. Horrenbestez, Parke Natural honek ez ditu izendapen bera jaso duten beste batzuen ezaugarri berak, nekazaritza-ustiapenaren eragina nabarmena izan delako gizakiak moldatutako paisaian.
Ingurumen-hezkuntza
Hori guztia kontuan izanik, eta lurren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiarena denez, heziketarako eta aisialdirako gune bezala bultzatu dute Pagoeta, natura ardatz nagusi hartuta. Horrezaz gain, baso-landaketak egiten saiatu dira. Horren harira, naturaren eskola eta ingurumenaren interpretaziorako zentroa sortu dituzte Iturraran Parketxean (XIV. mendean eraiki zuten jatorrizko baserrian). Museo horretan, naturaren eta gizakiak landa-eremuan egindako lanen inguruko azalpenak ematen dituzte. Espezie exotikoak biltzen dituen lorategi botanikoa ere jarduketa-ildo beraren emaitza da.
Agorregi burdinola eta aztarna arkeologikoak
Inguru horretan, Agorregi burdinola (XV. mendea) berreraiki dute. Gure arbasoek ura energia-iturri bezala erabiltzen zuten han, eta, egun, haiek egindako lana gertutik ezagutzeko aukera paregabea dago. Inguruetako basoetako egurra hartuta burdinoletan beharrezkoa zen egur-ikatza egiteko instalazioak haran osoan daude, han-hemenka. Parkean elurzuloak ere ikus daitezke. Antzina, hozkailurik ez zegoenez, elurra zulo batzuetan pilatzen zuten, gaiak hotz gorde ahal izateko.
Bestalde, gizakia aspalditik bizi da Pagoetako inguruetan. Historiaurreko aztarna asko topatu dituzte naturgunean; dolmenak (Otagain, Olarteta, Zaingo), tumuluak (Muzin, Arreta) eta hainbat aztarnategi haitzuloetan (Erratia eta Amalda), esate baterako.
Iturraran Parketxean, Parkearen gaineko informazio orokorra, tartean naturgunean antolatzen dituzten ekintzen berri, jaso daiteke. Horrez gainera, picnic eta aisialdirako guneak prestatu dituzte hariztiz inguratutako lur-eremu zabaletan.
Oharrak
Mendi-ibiliak egiteko ongi zehaztutako hainbat ibilbide daude eta, horrez gainera, bisita gidatuak egin daitezke taldeka (Iturraran Parketxera eta Agorregi burdinola martxan ikusteko bisitak, orkatzei behatu, sagardoa eta gazta dastatu...).