Hala, aurreko higadurek utzitako bideetan barrena irristatzen da jausitako ura, gainazala guztiz pitzatuta eta lur azpia erabat zulatuta utzi arte. Horren ondorioz, haitzulo asko sortu dira, baina horietatik ez da jada urik igarotzen, substratu sakonagoetan barrena egiten baitu bidea.
Itzina haitzez betetako goi lautada baten antzekoa da eta erdigune ahurra babesten duten mendi tontorrez inguratuta dago. Mendirik garaiena, Lekanda (1.302 m), ekialdean dago. Hegoaldean, berriz, Altipitatz eta Arteta azpimarra ditzakegu eta iparraldean, aldiz, Askorrigan. Horren magalean, kanpoaldean, Atxak (haitza hitzetik datorkie izena) dago, gain zorrotzen multzo estu bat.
Karstaren ipar-ekialdean dago Biotopoan sartzeko biderik errazena, Atxulaur Begian barrena doana, hain zuzen. Sarbide hori betidanik erabili izan dute artzainek (Itzinan bordak eta kortak dituzte) eta egurgileek. Hara bagoaz, komenigarria da ingurua ongi ezagutzen duen norbaitekin joatea, bidea ez baitago zehaztuta eta paisaian ez dagoelako orientatzen lagunduko digun ezaugarririk; gainera, lainoa dagoenean are okerragoa izaten da.
Goragune pitzatu eta zartatuek inguratutako simen labirinto handia da mendigunearen barnealdea. Udazkenean, paisaia zoragarria osatzen dute kolore gorrizka duten pagoek.
Haitzuloen artean, azpimarratzekoa da Supelegor (Gorbeiako mendigunean urak zulatutako 500 barrunbeetako bat), euskal mitologiako pertsonaien bizilekua.
Oharrak
Hainbat jarduera egin daitezke Itzinan: Biotopoan barrena ibiliak, Biotopoa inguratzen duten gailurretara txangoak, espeleologia hainbat haitzulotan...