Aiako Harria Parke Naturaleko sarreretako batean kokatzen da Arditurriko meatze gunea. Erabateko meatze-paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun bidegorri bilakatua. Lur azpian berriz gizakiaren eragina handiagoa da; hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.
Aiako Harria Parke Naturaleko interpretazio zentro eta Parketxea, eta baita meategiak ere bisita daitezke, bisita gidatu desberdinen bitartez.