Geologiaren eta paisaiaren ikuspuntutik, bi inguru bereiz daitezke argi eta garbi: batetik, kareharrizko gailur malkartsuak daude, eta oinetan larrez betetako lautadak dituzte, Urbia esaterako. Bestetik, landarediak estaltzen dituen muino eta mendixka silizeoak daude.
Lehenengoen artean dugu Aloña-Aizkorri-Aratz gailurreria. Mendi horiek paisaia ederra marrazten dute, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Bigarrenen artean, berriz, Urkilla-Elgeako tontor zapal bezain leunak daude. Arabako Lautadatik osorik ikus daiteke haize-errotez betetako gailurreria.
Oñatitik Arantzazuko Santutegira iritsiko gara. Izen bereko sakanaren gainean dago leku paregabe hori, eta hortik oinez abia gaitezke Urbiako zelaietaraino. Aizkorriko mendilerro garaienaren hegalean daude larre horiek eta ermita eta aterpea topatuko ditugu bertan. Araiatik Aratz (1.443 m) tontorrera igo gaitezke, eta hainbat ibilbide egin ditzakegu bertan. Aretxabaletatik eta Eskoriatzatik, berriz, Elorreta (Kurtzebarri, 1.146 m) mendira joateko aukera dugu. Zaraia mendilerroaren mendebaldean dago kareharrizko tontorra.
Aizkorriko naturgunearen mendi-adarretan jaiotzen dira Deba, Urola eta Oria Gipuzkoako ibaiak. Horrez gainera, Arabako isurialdean, Zadorran, eta izen bereko urtegian, eta Arakilen, Nafarroan barneratzen den ibaian, isurtzen dituzte urak Aizkorriko errekastoek.
Kareharrizko mendigune honetan azpimarratzeko modukoak dira fenomeno karstikoak; lapiaz-zelaiak, torkak, dolinak eta hamaika haitzulo, (Leze, esate baterako). Horietako askotan, historiaurreko aztarnategiak eta aztarnategi paleontologikoak aurkitu dituzte: Arrikrutz eta Aizkirrin, adibidez, lehoi eta leize-hartzaren arrastoak daude.
Sandratiko koba (San Adrian) haitzuloa ere aipatu behar dugu. Haitzulo naturala da eta, antzina, Gipuzkoa eta Araba lotzen zituen pasabide garrantzitsua zen. Bertan izen bereko baseliza dago. Handik igarotzen da erromatarrek egindako galtzada eta Donejakue Bidea. Horrez gainera, aztarnategi, dolmen, tumulu eta monolito asko daude aire librean, eta naturgunearen inguruan ondare historiko eta arkitektoniko bikaina nabarmendu behar da, Arantzazuko Santutegia eta Oñati herria bera, besteak beste.
Oharrak
Antolatutako jarduerak: Mendi-ibiliak, kirol-eskalada, ibilbideak bizikletaz, gidatutako bisitak inguruko herrien erdiguneetara. Horrez gainera, naturgunearen Arabako aldean, harpeetako espeleologia, puentinga, parapentea, arroilen jaitsiera, rappela... askotariko jarduerak egin daitezke.
Gau bakar batez kanpa daiteke leku jakin batzuetan. Gau gehiago igaro nahi izanez gero baimena eskatu beharra dago.