Nafarroako Urbasa mendizerraren mendebaldean hazten da Entzia mendizerra. 4.991,4 hektareako eremu natural hau Arabako ipar-ekialdeko mugan dago eta oso erraza da bisitatzen. Horren zatirik handiena goi-lautada da eta hegoaldetik zein iparraldetik bat-bateko jausia du Arabako Lautadara batetik eta Haranera bestetik.

Sailkapena: Etorkizuneko gune babestuak
Udalerriak:

Araba: Asparrena, Arraia-Maeztu, Salvatierra/Agurain, San Millán/Donemiliaga, Harana/Valle de Arana.

Informazioa:

Aguraingo Koadrilako Turismo Bulegoa
Kale Nagusia, 8 (Agurain)
Tel. 945 302 931
Email: turismo@cuadrillasalvatierra.org

 

Entziako partzuergoa
Tel. 945 312 150

Datu interesgarriak:
Zerbitzuak:

Iruña eta Gasteiz lotzen dituen autobidetik (Araba eta Nafarroa artean) Legunbe (1.127 m), Ballo (1.197 m) eta Arrigorrista (1.143 m) tontorren kareharrizko gailurreria izugarri eta zorrotzak ikus daitezke. Agurainen, Opakuako mendatera doan saihesbidea hartuko dugu eta erkametz eta pago basoen artean joango gara gora. Horrela, azkar iritsiko gara 1.000 metroko altitudera, goi-lautadara; larreak, txilar eta orre sasiak eta pagadi bikainak aurkituko ditugu bertan.

Zonalde hau Opakuako mendateak zeharkatzen du, eta saihesbide bat du lautadaren erdian (Iturrieta); bide horrek Erroitegi eta Erroeta herrixketara (Arabako garaienak) eramango gaitu. Handik hurbil, Igoroin troka sakona bisita dezakegu. Musitu ibaiak zulatutako troka honek erkametzez beteriko basoak ditu hegaletan. Trokan bertan Igoroin herri zaharraren (Laminoria haranean zegoen) hondarrak aurkituko ditugu.

Ibilbidearen beste adar batetik Santa Teodosiaren (1.060 m) ermitara iritsiko gara. Lizar ederrak (horietako bat zuhaitz berezi gisa katalogatu dute) dituen parke bat dago handik hurbil. Opakuako mendateko errepide nagusitik beherantz jarraituta Kontrastara eta Entziako hegoaldeko gailurren (Murube, San Kristobal eta Abitigarra) eta Lokiz gailurreriaren artean dagoen haranera iritsiko gara.

Goi-lautadaren sarbide errazak eta gailurretatik ikus daitezkeen bista ikusgarriek mendizale anitz erakartzen dituzte. Izan ere, oinez nahiz mendiko bizikletaz ibilbide ugari egiteko aukera dago. Paisaia ederraz gozatzeaz gainera, historiaurreko hondarrak (monolitoak, harrespilak, dolmenak, tumuluak, haitzuloetan edo kanpoan dauden aztarnategiak...), artzain-tradizioaren erakusgarriak, ikusi ahalko ditugu. Balio handiko monumentu megalitikoak dira, bai euren tamainagatik bai kontserbazio-egoera onagatik, eta Sorginetxe eta Egileor dolmenak, Mendiluzeko harrespila eta Itaidako menhirra dira ezagunenak.

Oharrak

Inguru Abentura enpresak natur gune honetan ongi pasatzeko aukera eskaintzen digu hainbat kirol praktikatuz: amildegi-jaitsiera, ibilbideak mendiko bizikletan, eskalada, rappela, zubi-jauzia, espeleologia, mendi-ibiliak, ibiliak zaldiz, ibiliak hegazkin-txikiz, piraguismoa, bi lagunentzako parapentea... Informazio gehiago jasotzeko, Inguru Abentura enpresara deitu. Tel.: 635 748 947 edo 635 748 948.

Fauna

Behor-taldeak, latxa ardiak eta behiak ikusiko ditugu larre eta sastrakadietan. Hegaztien artean, aztorea nabarmentzen da, eta, ugaztunen artean, basakatua eta lepazuria. Azken horiek Entziako basoen barrualdean bizi dira, baina oso zaila da ikustea, nagusiki gauean irteten direlako. Bestalde, ezkurrak dira basurde-talde askoren elikagai nagusia, eta urmael eta leku hezeetan, gailurretako uhandrea eta baso-igel jauzkaria bizi dira.

Flora

Landarediari dagokionez, eremu horretan nagusi diren pagadi ederrak eta erkameztiak nabarmendu behar dira. Horrez gainera, beste baso mota batzuk ere aurki ditzakegu bertan: ameztia Abitigarraren (1.169 m) eguteran eta hariztia Bikuñan (Donemiliaga), besteak beste.

Kokapena eta ostatuak inguruan

Sarbidea: Lehendabizi Agurainera joango gara Gasteiz eta Iruña lotzen dituen E-804/AP-68 autobidea jarraituta. Hara heldutakoan, Opakuako mendatera joateko A-2128 errepidetik abiatuko gara. Ondoren, ezkerretara doan saihesbidea hartuko dugu.

Garraio publikoa: Autobusez: Alsa konpainiak autobus zerbitzuak eskaintzen ditu Agurainen. Autobus geltokia Opakuako mendatetik 9 kilometrora dago. Bestalde, Hermanos Arriaga konpainiak mendatetik hurbil dauden herrietan (Kontrasta, Erroitegi, Erroeta...) autobus zerbitzuak eskaintzen ditu, baina aldez aurretik hitzartu behar dira.

 

Trenez: RENFEk tren zerbitzua eskaintzen du Agurainen. Geltokia Opakuatik 10 kilometro baino gutxiagora dago.

Aparkalekua: Opakuako mendatean, ezkerretara joanda, Entzia zeharkatzen duen pista bat aurkituko dugu. Bidean zehar aparkaleku ugari daude.



Bilatu zure ostatua

  • Gelak
  • Apartamentua
  • Etxe osoa
  • Taldeentzat egokia

1 emaitzak

Itxi

Oiharte

  • Gelak
  • Taldeentzat egokia

6 Iruzkinak

Zerain/Gipuzkoa (15km-ra) Erakutsi mapan

Nekazalturismoa: 12 pertsonak + 4 Ohe osagarria / Banaketa Info +

Gutxieneko prezioa 44,00 € Logelan Ikusi aukera gehiago »

Informazio gehiago Erreserbatu orain

Fuente: www.turismoa.euskadi.net