Mendizale asko eta asko joan ohi dira Gorbeiara, naturgunearen edertasunak erakarrita. Oinez, bizikletaz edota zaldi gainean, Parkean zehar ibil gaitezke mendi federazioek ongi zehaztutako ibilbideetan barrena.
Horrez gainera, bertan aisialdirako guneak ugari daude. Bizkaian, Pagomakurrekoa da nagusia eta Araban, berriz, Baia izeneko gunea dago.
Paisaia anitza
Bi motatako geologia-substratuk paisaia-multzo arras desberdinak sortzen dituzte Gorbeian. Substratu silizeoek paisaia-forma biribilduak eta tonu ilunekoak osatzen dituzte. Horietan, gainera, landarediak lurzorua estali ohi du. Horren adibide garbia da Gorbeia mendiaren gailurra. 18 metroko garaiera duen gurutzea 1899az geroztik dago tontor horretan eta Parkearen beraren ikur bilakatu da.
Bestalde, arrezife itxurako kareharriak dira, kolore argiko haitz malkartsuak, hamaika zulogune, pitzadura, sima eta sakonune izaten baitituzte gainazalean (Aldamin, Lekanda). Laburbilduz, adierazpen karstikoen erakusgai argia dugu; izan ere, ia 500 barrunbe zenbatu dituzte bertan. Mairulegorreta 12 kilometroko ibilbidea duen haitzuloa, estalaktitaz beteta, azpimarratzeko modukoa da, baita Itxinako karsta ere. Mendeetan, urak haitzak zulatu ditu inguru paregabe horretan. Amaitzeko, ezin dugu ahaztu Goiuriko ur-jauzia. Oiardo errekastoak egindako bideari jarraiki, urak 100 metro egiten du behera bertan.
Oharrak
Naturgunea zeharkatzen duten ibilbideei eta interesgune nagusiei buruzko informazioa ematen dute Parkearen interpretazio zentroetan:
Sarriako Parketxea (Araba) 945 430 709
Areatzako Parketxea (Bizkaia) 946 739 279
Mendi-ibiliak, bizikleta-irteerak, kirol-eskalada, rappela, arku-tiroa, multiabentura, trekking, zaldi-irteerak, espeleologia... mota horretako jarduerak egin daitezke.
Saldropoko hezegunean (Barazar gainean) dagoen bidegorria pertsona ezinduentzat egokituta dago.
Hainbat gunetan gauez bakarrik kanpa daiteke, baimena eskatu ondoren.