Zaila da nekazalturismoa emakumearen presentziarik gabe irudikatzea, bera baita etxearen arima, inurri langile nekaezina. Nahikoa da horrelako zerbitzuak eskaintzen dituen etxe batera inguratzea emakumearen kutsuari antzemateko. Izan ere, emakumearen eta nekazalturismoaren arteko harremana, eskuarki mamitsua eta onuragarria, oso interesgarria gertatzea da beti.

Zer eman dio nekazalturismoak emakume baserritarrari?

Batez ere, etorkizunari begira eguzki printza bat. Ilusio izpi bat hainbeste urtetan nekazaritza zigortuz aritu den krisiaren erdian. Leiho berri bat baserrietako emakumeen betiko ezaugarria izan den dibertsifikazioaren baitan. Jarduera osagarri bat, diru sarrerak handituz baserria bizirik iraunarazteko, berezko jarduerak eta produktuak arriskuan jarri gabe.

Enpresa honen garapenak, inolaz ere ostatu ematera mugatu behar ez delarik, aukera ematen dio emakumeari betidanik maitasun osoz, askotan atsegin hartzeko besterik gabe, burutzen zituen jarduerak onuragarriak izan daitezkeela ohartzeko, horien artean historikoki emakumeak egin dituen eta askotan aurrera egiteko ezinbesteko izan diren produktuak egitea eta saltzea, edo eskulanak saltzea edo bestelako zerbitzu zenbait. Emakumea prest baldin badago –eta benetan nahi badu, prestaturik badago, eta baserriaren kokalekuak eta ezaugarriek aukera ematen badute–, nekazalturismoak aldi berean zenbait jarduera desberdin gauzatzeko aukera ematen du.

Beste alde batetik, oraingoz gaiari buruzko azterketarik egin ez bada ere, emakumearen egoera juridikoari eta sozialari dagokienez, landa turismoak oso aurrerapen handia ekarri du.

Gauza jakina da arazo historiko bat badela emakumeak baserrian duen egoera eta langilearen estatusa parekatu gabe daudelako eta, ondorioz, lege arautzailerik ezean, emakumea titularraren laguntzailetzat baino ez dela hartzen. Oso emakume gutxi dago baserriaren titulartasuna duenik eta eskubide sozialak aitortzen zaizkionik.

Aipatu egoera horren ondorioz, emakumeak baserrian bere lekua aurkitzeko oztopo ugari aurkitzen du. Alderdi jakin batean espezializaturik egon gabe jarduera aniztasun horri ekiten diolarik, bere nortasuna, edo bere lanaren aitortza behintzat, azukre kozkor bat balitz bezala desegiten da.

Kasu ugari ezagutzen dut non nekazalturismoaren jarduerak emakumeari arazo horiek gainditzen lagundu dion eta, horrenbestez, baserrian bere lekua aurkitzen.

Dena dela ere, begien bistakoa da, behingoz, emakumeak egiten duen lanaren ordainsaria jasotzen duela (askotan bera izaten baita lanaren zama bereganatzen duena), bai ekonomiari egiten dion ekarpenagatik (baserriko gainerako jarduerek apenas ematen duten etekinik), bai bezeroek adierazten duten esker onagatik (oso alderdi garrantzitsua, autoestimua handitu eta aurrera jarraitzeko animatzen duelako, batez ere nekazaritza urtetan arlo gutxietsia izan dela kontuan hartuta).

Beharbada, nekazalturismoa (betiere baserri baten jarduera osagarria denean) nekazaritzak gizarteari egiten dion ekarpenaren adierazpen garbia da: elikagaiak eta zerbitzuak ekoizten ditu, ingurumena zaintzen du eta nekazaritzaren berezko kultura eta ezaugarriak gordetzen ditu.

Oro har, baserri hauetara hurbildu eta nekazalturismoak zeregin horiek guztiak betetzen dituela ikusteko aukera duen bisitariak esker ona adierazi ohi du. Ez dago gauza hoberik esker on horiek zabaltzen duten poza eta itxaropena nolakoak diren ohartzeko baserriotako amonekin solas egitea baino.

Ilusio horrek, gainera, beste alderdi garrantzitsu bat garatzera eramaten du: trebakuntza. Izan ere, zerbitzu hau ahalik eta egokien eta txukunen eskaintzeko grinak arlo guztietan sakonarazten du emakumea, esate baterako, ondarea berreskuratzean, zaharberritzean, sukaldaritzan, dekorazioan, lorezaintzan, paisajismoan, elikaduran, hizkuntzetan, giza harremanetan… Guzti-guztia, etxeko ordenatik psikologiaraino. Ikasketa hori, kostua dakarren arren (denbora, joan-etorriak, dirua…), emakumeari oso onuragarri gertatzen zaio.

Ikuspegi espiritualari buruz, esan bezala kulturalki janzteaz gain, ehunduz doan harremanen sarea aipatu behar litzateke, ez soilik bisitari-bezeroei dagokienez, jarduera honetan ari diren nekazarien artean baizik. Aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa da elkartasunezko harremanak ezartzea, elkarri laguntzea eta antolatzea.

Haatik, nekazalturismoak zer jasotzen du emakumeagandik?

Lehenik eta behin, begi-bistakoa da honelako jarduera baten aurrean oro har familia bat bizi den baserri bat egon ohi dela eta, senide horiek, bakoitzak ahal duen heinean, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko lan egingo dutela. Batzuetan gizonak hartuko du bere gain ardura nagusia baina, kasurik gehienetan jarduera hau emakumeen esku geratzen delarik, emakumeez arituko naiz, betiere ezagutzen ditudan kasuetan oinarrituta, hau da, inolako datu zientifikotan oinarritu gabe.

Egonaldi bat atsegin eta, sarritan, ahaztezin bilakatzen duen xehetasun andana horren atzean, eskuarki, emakume bat gorde ohi da.

Dagoeneko tradizional bihurtu da euskaldunek bisitaria etxekotzat hartzeko ohitura eta, ostatu batean ez baizik etxean balego bezala sentiarazteko ahalegina.

Gauza jakina da nekazalturismoa ez dena hotela. Gutxienik, desberdina da. Kontua daukagun onena erakutsi eta partekatzea da: geografia, paraje ederrak, gastronomia, historia, usadioak, interes artistiko edo arkeologikoa duen oro, aisiako jarduerak… Laburbilduz, geure kultura eta nortasuna. Gehiago edo gutxiago, turistekin sortzen diren harremanetan gai horietakoren bati heldu behar izaten zaio, maiz maisuen pare. Horregatik, nekazalturismoan diharduten pertsona guztiak, zeregin hori betetzean, etxetik irten gabe ere, Euskal Herriaren enbaxadore bihurtzen direla esan daiteke.

Hala ere, bada bestelako zereginik, esaterako, baserria eta ingurua egokitu, apaindu eta zaindu. Tamalez, heziketa falta, beste interes batzuk, edo sentsibilitate falta direla kausa, arkitektura edo lanabesak bezalako arlo garrantzitsuak oso hondatu dira. Emakume asko, horregatik kezkatuta, objektu baliotsu horiek gordetzeko ahaleginean ari dira. Dena dela ere, eskertu beharra dago turismo baserriek euskal baserriaren nortasun eta historiaren lekuko diren lanabes horiek berreskuratzeko egindako lana, baita etxeko eta inguruko dekorazioa zaindu dutelako ere, alderdi horiek ere erakusten baitute herri eta bizimodu jakin bati zaion maitasuna. Edonon aurki daitezke paraje, lorategi, balkoi eta bazter samurtasunez zainduak, emakumeen barne edertasuna erakusten dutenak.

Emakumea, gainera, aho gozagarri apartaz baliatuko da bezeroa konkistatzearren. Bai gosaritan, bai bazkaritan zein afaritan, baserritarra dela ahaztu gabe, bertako lurreko eta haziendako produkturik onenak eskainiko ditu, turistak gure kultura gastronomiko zabalduaz goza daitezen. Daitekeena da lerrook irakurri eta baten batek pentsatzea nekazalturismoa eta turismo baserriak arrosa koloreko koroa batez inguraturik daudela. Haatik, beti izaten da arantzarik. Seguru nago nire azalpen hau guztia ez datorrela guztiz bat gaur egun garatzen ari diren ekimenekin; ez da ahaztu behar zenbait etxek, eskaintza hori egiteko ilusio dosi eta dirutza handiak inbertitu eta gero. espero baino bezero gutxiago hartzen dutela. Lerro hauek baliagarri izango ahal dira turismo eskaintza bultzatzeko, paraje guztietan dago-eta ikustea merezi duen gauza ederrik.

Bada beste zenbait emakume, nekazalturismoari ekiteko asmoa ez zelako berea izan edo baserria bestela antolatu nahiago zutelako, jarduera hau lehenagokoei erantsi behar zaien zama gisa hartzen duenik. Jakina, nekazalturismoaren eta emakumearen arteko harremanak alderdi anitz eta askotarikoak aurkezten ditu eta, idazki honetan nabarmenenak azaltzen saiatu banaiz ere, dudarik ez dut baserri horiek bisitatu dituztenen esperientzietan oinarrituta liburu oso bat idatz litekeela. Beraz, hasi besterik ez dugu egin.

(Maite Aristegi-Nekazalturismoa)