01/02/2020

Santa Ageda eguna hurbil dugu eta makilen soinuarekin koplen oihartzuna zabaltzen da Euskadi osoan zehar, hasia da beraz hain maite ditugun Inauteriak heltzeko atzerako kontaketa. Ospakizun horrek lurrari eta euskal kulturari loturiko antzinako elementu sinbolikoak mantendu ditu ezinbesteko bihurtuz. Nekaturretik hainbat ideia emango dizkizugu otsailean ihesalditxo magikoa egin dezazun.

Bagoaz Gasteizera

Margolarien abesti famatuak dioenez: “Guia guia, maquinista, ¡que nos vamos a Vitoria a pasar el Carnaval!”. Egia esan egun horietan Arabako hiriburuan atsedenik gabe dantzatuko da asteburuan zehar hiria girotuko duten konpartsen eta desfileen erritmoan. Zalduondo ere beste destino interesgarria da Araban. Bertan herriaren gaitz guztiak irudikatzen dituen Markitos pertsonaia herrian zehar paseatu, epaitu eta erre egiten da urtero. Amurrio eta Laudion ere ospakizun ikusgarriak antolatzen dira.

Gipuzkoako galdaragileen atzetik

Galdaragileen soinuak jarraitzen baditugu Gipuzkoara helduko gara, non pertsonaia ijito nomada hauek Inauteriak iragartzeaz arduratzen diren hainbat tokitan: Anoeta, Zizurkil, Irura, Azpeitia, Zumarraga, Urretxu eta baita Donostian ere. Baina erreferentziazko Inauteriak Tolosakoak dira. Han txarangak, danborradak eta konpartsak arituko dira jaia girotzen. Interesgarriak dira bestalde Amezketa eta Abaltzisketa eta haien ‘txantxoak’ eta Antzuola eta Aretxabaletako mozorro bitxi eta dantza tradizionalak.

Bizkaiko Aratusteak

Bizkaian Inauteriak edo Aratusteak (antzina garizuma garaian ohikoa zen “haragia”-“uzte” hitzen kontrakziotik eratorritakoa) ospatzean tradiziozkoa da kaleetan zehar eskean ibiltzea Mehatzaldeako Gallarta herrian bezala. Baina tradizio bereziei erreparatuz Mundakakoa aipatu behar non gizonek ator mozorroa janzten duten, alkandora eta praka zuriak eta gona bat gainetik, eta emakumeek lami mozorroa, hau da, arropa beltzak eta aurpegi eta ileorde zuriak, sorginen antzera, kaleak girotzeko. Eta bukatzeko Bilbora hurbildu behar da bertako Farolin eta Zarambolas pertsonaiak ezagutu eta egun horietako bekatu guztiak ezabatzeko aratusteen bukaerako sardinaren erreketa ikustera. Animatzen al zara?