01/10/2018

Hilero bezala gure lurraldean deskubritzeko proposamen bat eskaintzen dizugu. Oraingoan hegoalderantz egingo dugu betidanik ardoarekin loturik aurkeztu zaigun erdi aroko hiribildua deskubritzeko. Presta ezazu maleta Arabar Errioxako txokorik ederrenetakoa den Eltziegora baikoaz.

Historia pixka bat

Arabako udalerri honen inguruko lehen testigantzak XII. mendeko idazkietan aurkituko ditugu. Garai hartan Eltziego Laguardia udalerriaren barruan kokaturik zegoen herrixka bat zen. Horren ondoren 1583. urtean Felipe II.a Erregearen oniritzia lortu zuen hiribildu bihurtzeko. Eltziegoko 275 biztanleek guztira 3.093.750 marabedi ordaindu zituzten.

XVIII. mendean eraiki ziren Eltziegoko monumentu gehienak eta XIX.ean hainbat noble heldu ziren hiribildura. Baina betidanik Eltziego ardoarekin loturiko herria izan da. Gaur egun Arabar Errioxako erreferenteetako bat da Errioxa jatorri deituraren barruan ezagunenetakoak diren hainbat upategi bertan izanik.

Galdu behar ez duzuna

Marques de Riscal upategia: Mundu mailan ezagunenetakoa den upategia Frank Gehry-k egindako diseinu abangoardistari esker. Milaka pertsona hurbildu dira instalazio hauek bisitatzera inauguratu zirenetik, horien artean ospetsu eta izar ugari.

Gidatutako bisitaldiak: Eltziegoko turismo bulegotik abiatuta ordubeteko iraupena daukaten gidatutako bisitaldiak egin ditzakegu eta Arabar udalerri honetako txokorik interesgarrienak ezagutzeko aukera izango dugu.

Ikusiko al dugu elkar Eltziegon?

Nekaturretik ardogintzaren kulturaren muina den Arabar Errioxa deskubritzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Eltziegoz gain beste hainbat udalerri zoragarri eta upategiz beteak ezagutu ahal izango dituzu: Laguardia, Oion, Samaniego,… Eta beti izango dituzu eskualdean Nekaturreko ostatuak, egonaldi zoragarria bermatuko dizutenak hain zuzen ere.