04/09/2014

Pintxo potea Euskadin

Euskadi ondo jan eta ondo edatearen lurra dugu. Nork ez du gure sukaldaritzaz eta haren ikur diren pintxoez ezer entzun. Eta gure edariez gauza bera esan daiteke: Arabar Errioxako ardoak edo txakolina. Osagai horiek izanik, nola ez dugu ostalaritza ezin hobea izango? Gure taberna eta jatetxeez gozatzea turista guztiek betetzen duten ohitura da.

Azken urteotan gainera, beste tradizio berri batez ere gozatzen dute, Pintxo potea hain zuzen ere. Arrakasta handiz gure lurraldeko edozein txokotan entzun daitezkeen hitz biak.

Zer da pintxo potea?

Pintxo potea auzo zein udalerri bateko taberna talde batek asteko egun jakin batean euroa eta bi euro arteko prezioan eskaintzen duen edari gehi pintxoa da.

Pintxo pote kontzeptua 2003an jaio zen Vitoria-Gasteizen. Hiriko auzo bateko zenbait ostalarik era honetako eskaintza zabaldu zuten gune horretako kontsumoa bultzatzeko. Esperientzia oso arrakastatsua suertatu zen eta ordutik osteguna pintxo potearen eguna da hiriaren hainbat gunetan. Inguruko herri eta hirietako ostalariek arrakasta honen berri izan zuten eta antzerako ekimenak bultzatzen hasi ziren. Gaur egun erreza da edozein euskal udalerritan pintxo potearen ibilbidea aurkitzea, eta gainera hainbat dira era honetako ekimenen berri ematen duten Euskadiko turismoaren inguruko webguneak.

Pintxo potea ostalaritzaren jarduera bat baino gehiago da. Lagun talde askorentzat ospakizun sozial bilakatu da egunerokotasunarekin apurtzeko aukera eskaintzen duena. Horrez gain turistentzat ere oso aproposa da oso prezio erakargarrian gure lurraldeko gutizia txiki hauek dastatzeko.

Bisitari zein bertakoa izan, eta oraindik ez baduzu probatu, pintxo potea ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Euskal gastronomiaz gozatzeko modurik hoberena!

Argazkia: Tamorlan (Wikipedia)