01/03/2018

Udaberria heltzear dugu eta ongi etorria hilabete honetarako oso destino naturala proposatuz emango diogu. Oraingoan Arabako mendebaldeko muturrera joko dugu parke natural zoragarria deskubritzeko. Arropa erosoa jantzi eta ibiltari txipa aktibatuko dugu Valderejoko parkeaz gozatzeko. Motxila prest al daukazu? Abiatzeko unea heldu da.

Parkea deskubrituz

Lehenago esaten genuen bezala Valderejoko parke naturala Arabako mendebaldeko muturrean aurkitzen da, Gaubeako udalerriaren ondoan hain zuzen ere. 3000 hektarea baino gehiago dauzkan espazio naturala dugu eta 1992. urtean izendatu zuten parke natural. Espazio natural zoragarria dugu. Ingurune horretan populazio gutxi egoteak oso espazio aberatsa ahalbidetu du fauna eta florari dagokienez.

Halere, gizakiak mendeak daramatza eskualde horretan bizitzen. Hainbat dira monumentu megalitikoak zein garai ezberdinetako eraikinak. Parkean Puron ibaiaren bailara zeharkatzen zuen erromatar galtzada baten aztarnak mantentzen dira.

Fauna eta florari erreparatzen badiegu parkean ugari dira pinudi, pagadi, artadi eta erkameztiak. Ez da arraroa urtxintxak zein basakatuak aurkitzea. Zenbait unetan otsoen presentzia ere antzeman da. Zerura begiratuz gero bailara oso aproposa da era guztietako hegazti harrapariak bizitzeko, haien artean aztore, sai zuri edota sai arreak nabarmenduz.

Galdu behar ez duzuna

Parkeko interpretazio zentroa: parke naturalerako sarbidea da eta Lalastran kokaturik dago. Bertan gure bisitaldia aberasteko informazioa jasoko dugu.

Lalastra: Lalastra Valderejoko kontzejua osotzen duten lau herrietako bat da. Ez da ia 30 biztanlera heltzen eta nekazal munduaren lasaitasuna eskaintzen duen xarma bereziko herria da.

Puron ibaiaren bailara eta erromatar galtzada: zalantzarik gabe oso formazio zoragarria da eta beraz parkearen muina. Bailara Puron ibaiak inguruko kareharrizko lurrak higatuz eragindako formazio karstikoa da. Bailarak paisaia eta ikuspegi zoragarri eta ikusgarriak eskaintzen dizkigu. Eta ezin ahaztu hainbat milurtekoren ondoren bailararen beheko aldean mantentzen den erromatar galtzada.

Eta ostatua?

Valderejoko parke naturala apustu ziurra da ihesaldia natur ingurune batera egiteko. Nekaturretik hurrengo hilabeteotan Valderejo deskubritzeko gonbitea luzatzen dizugu. Neguari agur esan eta udaberriarekin batera natur ingurunea berpiztuko da. Horregatik bila ezazu ondoan dagoen ostaturik gustukoena eta egin hainbeste nahi duzun ihesalditxo hori. Handik ikusiko al dugu elkar?