14/09/2014

Arabar Errioxako Mahats-Bilketaren Festa 2014 - Labastida

Irailaren 14an Arabako Errioxako Mahats-Bilketaren 21. festa egingo dute Bastidan. Guardian antolatu zuten estreinakoz azoka ibiltari hori, 1994. urtean. Bisitariei udalerriak, bertako bizimodua eta, batik bat, ardoa ezagutaraztea du xede; izan ere, ardoa da eskualdeko landa garapena sustatzen duen produktu nagusia.

Urtero, mahatsa zapaldu eta lehenengo muztioa probatu ondoren, Arabako Errioxako ardoen dastatze saioari ekiten zaio. Oraingoan hainbat stand desberdin jarriko dituzte Bastidan; horietako bakoitzean, Arabako Errioxako herri batean ekoitzitako ardoak salduko dira. Horrez gainera, egitarau zabalaren barruan honako jarduera hauek ere aurki ditzakegu: aizkolarien txapelketa, herri-bazkaria, musika eta dantza talde desberdinen emanaldiak, umeentzako jolasak, kalejirak eta artisau eta labeldun produktuak bilduko dituen azoka.

Ez galdu festa hau zonaldeko etxeetan ostatu hartuaz!