01/11/2016

Durangoko azoka

Mundua asko aldatu da 1965. urtetik. Urte hartan sortu berri zen Gerediaga Elkarteak kultur azoka xume bat antolatu zuen. Inork ez luke asmatuko mende erdi bat igaro ondoren gertakari hura euskal kulturaren erreferente nagusi bilakatuko zela. Egia borobila baita Durangoko Azoka euskal literatur eta musikaren suspertzaile handi bat izan dela.

Santa Mariaren aterpean 17 erakusle baino izan ez zituen Azokaren lehen edizio hartatik Landako pabilioira pasatu da, erakuslez betetzen dena eta egunero milaka bisitari jasotzen dituena. Adin guztietakoak dira Durangora hurbiltzen direnak euskal liburu eta diskoen berriena ezagutzera eta horrez gain berezko hizkuntzan antolatzen diren kultur edukiez gozatzera.

51 urte geroago Durangoko Azoka azoka soil bat baino gehiago da. Ospakizunean zehar era guztietako jarduera, hitzaldi eta kontzertuak antolatzen dira. Aukera ezin hobea da gure kulturaren pertsonalitate nagusienekin kontaktua izan eta solasean aritzeko.

Ohikoa den bezala aurtengo Azoka abenduaren 2tik 6ra ospatuko da. Haren muina Landako pabilioian kokatuko da baina bestelako jarduerak udalerri polit honetako txoko ezberdinetara helduko dira.

Aurten ere Nekaturretik besarkada helarazi nahi diegu azokaren antolakuntzan arituko direnei gure lurraren kulturaren esparruan burutzen duten lan zoragarriagatik. Durangora hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi dizugu euskaraz aurkitu dezakezun kultur eskaintza hoberenaz gozatzeko. Eta inguruan ostaturik aurkitzeko laguntzarik behar baduzu gugana jo dezakezu. Elkartuko al gara Durangon?