Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza “EUSKADIKO TURISMO IRISGARRITASUNAREN EREDUA” garatzen ari da 2008. urteaz geroztik, kalitateari, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, turismo-baliabideen irisgarritasuna hobetzeko helburuz.
Ereduan barne hartutako jardueretako bat, hala eskatzen duten Euskadiko turismo-establezimendu eta -baliabideen (ostatuak, jatetxe, turismo-informazio bulegoak eta interpretazio-zentroak) irisgarritasun-ezaugarrien diagnostikoa egitea da.
Diagnostikoek aniztasun funtzionalen (fisikoak, bisualak, entzumenezkoak, intelektualak eta organikoa) irisgarritasun-mailari buruzko informazioa ematen dute.
Aniztasun funtzional mota bakoitzaren irisgarritasun-maila zein den finkatzeko, “turismo-zerbitzuaren katean” dauden elementu bakoitzak eskatzen duen establezimenduaren irisgarritasunean zenbateraino laguntzen duen kontuan hartzen da. Esaterako, ostatuen aniztasun funtzional fisikoen kasuan, elementu hauek haien irisgarritasunean nabarmen laguntzen dutela uste da: komun eta higiene-zerbitzuak, establezimendurako sarbidea eta desplazamendu horizontal eta bertikala, ateen eta korridoreen zabalera eta gelen banaketa.
Xedea Euskadiko turismo-eskaintzaren irisgarritasuna hobetzea da, pertsonen aniztasun funtzionala kontuan hartuz eta irisgarritasunaren kontzeptua balio erantsiko eta bikaintasuneko eragile moduan aplikatuz, izan ere, irisgarritasunean egindako hobekuntzak ororentzat dira onuragarriak, inguruei eta zerbitzuei kalitate, segurtasun eta erosotasun handiagoa ematen baitiete.
Atal honetan, Nekatur erakundearen ostatuei buruzko informazioa ikus dezakezu. Guztiek diagnostikoa eginda dute, eta aniztasun funtzional bakoitzerako zer irisgarritasun-maila duten ere jakingo duzu.